XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azpeitiko zezenak San Inazio jaiak gainean ditugu berriz ere, eta urtero bezala Azpeitian dena prest dago herriko festetan zezenak korritzeko.

Santiago egunez bertako plaza dotore eta pintatu berrian, jendez gainezka zela saninaziotan jokatuko diren zezenak ikusteko aukera izan genuen: Isaias eta Tulio Vazquez-en sei zezenko, Luis Albarrán-en sei zezen, eta Concha y Sierra-ren beste sei.

Ganadu horixe aterako da toriletatik arratsaldeko seietan uztailaren 31n, abuztuaren 1ean eta abuztuaren 2an hurrenez hurren, eta ganadutegi bakoitzari buruz bi hitz esatea interesgarria delakoan gaude.

- Isaias eta Tulio Vázquez-en zezenak 1945 urteaz gero ezagunak dira Azpeitian.

Gogor-fama dute, eta ongi merezia gainera.

Iaz ikusi ahal izan genituen eta, egia esan, kasta-faltarik ez zaie inondik ageri: batekoz bestera baizik.

Aurtengo ganadua itxura onekoa da: bai adakeraz eta bai sataiz.

Joakin Murube eta García Pedrajas-en abereekin sortu zen 1939.ean Villanueva de la Minas-eko ganadutegi sevillar hau.

en zezenak Badajozen hazita etorri dira Azpeitira.

Nicanaor Villa Villita toreatzaileak sortu zuen 1905. urtean ganadutegi hau, eta harez geroztik jabe desberdinak izan ditu Luis Albarrán-en eskuetara etorri arte.

Gaur egun Urkixo-ren kastako zezenak ateratzen ditu.

Azpeitira etorri direnak presentazioz eta pisuz ederrak dira.

Portaeraz nolakoak diren abuztuaren 1ean ikusiko dugu.

Concha y Sierra izenez korrituko diren zezenak, Miguel Báez Espuny Litrik Huelva-tik bidaliak dira; ilaje desberdinetakoak: kolore gorri, pinto eta beltzak dituzte, eta adarrez ondo osaturik daude.

Jatorriz veraguatarrak dira.

Toreatzaileen aipamen laburra egitea ere bidezkoa da.

Horregatik, uztailaren 31eko nobiladan parte hartuko dutenen berri emango dugu lehenbizi.

Euskal Telebistak zuzenean transmitituko duen saio honetan, José María Plaza, Bernard Marsella eta Sergio Sánchez-ek osatuko dute kartela.

Plaza iaz ikusteko aukera izan genuen, eta harrez gero Madrilen arrakasta lortu du.

Bernard Marsella, Proventzan jaioa da; Marseilan, bere izenak adierazten duenez.

Asko toreatzen ari da orain zerrendan bigarren dago eta banderilak ipintzen badaki.

Sergio Sánchez nafarra, Zentronikon duela hogei urte jaioa da, eta iaz hasi zen pikadoredun nobiladatan toreatzen.

Aurten sanferminetan arrakastatsu ibili da Iruñean.

Abuztuaren 1eko korridan, Curro Vázquez, Espartaco eta Rafi Camino ikusteko aukera izango dugu.

Curro-ren fintasuna eta artea estimatuak dira zezenzaleen artean Juan Antonio Ruiz Espartaco berriz, maisua da zezen gehienei etekina ateratzen, eta berak baino belarri gehiago ez du inork eskuratzen.

Rafi Camino gaztea berriz, Paco Caminoren semea, gero eta maila hobea lortzen ari da.

Abuztuaren 2ko korridan, Pedro Gutiérrez Niño de la Capea izango da lehen ezpatari.

Azken aldian berak bakarrik Victorino-ren sei zezen hilak ditu Madrilen, hiru belarri lortuz.

Bere heldutasun eta maisutasunari esker, gaur eguneko toreatzailerik honenetakoa da.

Miguel Baez Espínola edo Litri gaztea izango da bigarren ezpataria bere adore eta ausardiagatik ezaguna eta Raúl Galindo madrildarra hirugarrena.

Azken honek alternatiba hartuko du Capearen eskutik.

Eta bukatzeko, beste aipamen bat merezi du Azpeitiko korriden antolakuntzak.

Izan ere, joan den unean bi nobillada eta korrida bat ematetik bi korrida eta nobillada bat eskeintzera pasatu dira.

Baina horretaz gainera, ez da ahaztu behar kartelen kalitatea.

Maila hori hobetzea zaila bait da benetan.

Dena dela, azpeitiarrek nahiz inguruko herritakoek, ongi baino hobeto erantzun dute antolatzaileen lanari, eta aurten ere plaza beteko dela ez dugu dudarik egiten.

Horko irabaziak herriko behartsuentzat izaten direla jakinda gainera, are eta gutxiago. Iñaki AZKUNE.